AECC GIPUZKOAk Lasarteko merkatarien babesa jaso du

Guipúzcoa - 14/10/2019

AECC GIPUZKOAk, Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak, Aterpea Lasarte-Oriako merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkartearen babesa jaso du datorren larunbatean, urriaren 19an, izango den Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Eguna dela eta. Hala, berrogeita hamar saltokik baino gehiagok egin dute bat sentsibilizazio-kanpaina honekin, eta datozen egunotan lazo arrosak banatuko dituzte. Horrez gain, erakusleihoetan arrosa koloreko elementuak jarriko dituzten ikusgai (zapiak, puxikak, kartelak). Lasarte-Orian bizi diren AECC Gipuzkoako boluntarioek modu aktiboan lagundu dute kausa hau zabaltzen.

 “Gertuko merkataritzak elkartasuna adierazi nahi du hainbeste emakumeri eta haien senitartekoei eragiten dieten kausa honekin; hori dela eta, aurreko urteetan egin dugun moduan, gure erakusleihoek eguna gogoraraziko dute minbizi mota horren inguruan sentsibilizazioa eta babesa adierazteko. Hala esan du Aterpeako presidenteak, Ramón Ormazabalek.

Aurten, AECC Gipuzkoak Gipuzkoako gizarteari erronka egin dio bularreko minbiziaren tratamendu berri batean oinarritutako ikerketa onkologikoko proiektua finantzatzen laguntzeko. Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Klinikoko Ignacio Melero doktorea buru duen immunoterapia-proiektua da, eta 2021 hasierarako amaitzea dago aurrez ikusita. AECC Gipuzkoak 160.000 euroko zenbatekoa lortzeko helburua jarri du, enpresen, partikularren eta ekitaldi solidarioen ekarpenei esker. Orain arte, 100.000 euroko muga gainditzea lortu da, eta Gipuzkoako herritarrak animatu nahi ditugu, haien elkartasunarekin erronka lortzeko gai izango garela erakuts dezagun. Crowdfunding-kanpainak urte amaierara arte jarraituko du, eta ekarpenak Internet bidez egin daitezke helbide honetan: www.retoaeccgipuzkoa.com

AECC Gipuzkoatik nabarmendu nahi dugu egun hori baliatu behar dela gizartea ikerketaren garrantziaz ez ezik, diagnostiko goiztiarraz ere kontzientziatzeko. Maider Sierra elkarteko prebentzio arloko arduradunaren hitzetan, “aldizkako azterketak egitea funtsezkoa da tumorea garaiz antzemateko, baita azkar erreakzionatzea ere gure bularretan detekta dezakegun edozein alterazioren aurrean”. Bizi-ohitura osasungarrien bidezko prebentzioa ere, hala nola elikadura egokia eta jarduera fisiko erregularra, funtsezkoa da horrelako tumoreen garapena saihesteko.

Bularreko minbizia izan da 2018an gehien agertzen direnen artean bigarrena; Gipuzkoan 539 kasu berri antzeman dira, Minbiziaren Behatokiko datuen arabera. Gaixotasun horren 5 urterako bizi-itxaropenaren tasa % 90 baino altuagoa da. Horrek esan nahi du bularreko minbizia duten 100 pertsonatik 90ek baino gehiagok diagnostikoa jaso eta 5 urte pasatu ondoren bizirik jarraitzen dutela.

Azkenik, AECC Gipuzkoak gogorarazi nahi du pazienteei eta senitartekoei eskaintzen dizkieten zerbitzuak erabat doakoak direla, bazkide egin beharrik gabe. Minbizia duten edo izan duten pertsonak bertako psiko-onkologoen taldearen arreta jaso dezakete, edo material ortopedikoa maileguan jaso, baita beste zenbait zerbitzu ere, hala nola ospitaletik gertu harrera-etxea izatea, edo behar berezi bakoitzerako aholkularitza pertsonala.

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días