'Txartel arrosa minbiziari', AECC Gipuzkoaren kanpaina berria

Guipúzcoa - 15/10/2018

Urriaren 19an ospatuko dugun Minbiziaren Nazioarteko Egunarekin lotuta, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, AECCk, “Txartel arrosa minbiziari” izena duen kanpaina jarri du abian emakumezkoen kirol-taldeen parte-hartzearekin. Aste honetan, AECC Gipuzkoako profesional bat eta bularreko minbizia gainditzea lortu zuen gazte bat kirol-talde horietako batzuen entrenamenduetara joango dira kirolariei bularreko minbizia prebenitzeko oinarrizko urrats batzuk emateko asmoz.

Donostia da modalitate guztiak kontuan hartuta kategoria gorenean emakumezkoen kirol-talde gehien duen Estatuko hiria eta horrek bultzatu du ekimena. Gaur egun elite mailan dauden zortzi taldeek lagundu nahi izan dute ekimen solidario honetan: Bera Bera eskubaloian, Real Sociedad belar-hockeyan eta fubolean, IDK-Gipuzkoa saskibaloian, Atlético San Sebastián atletismoan eta softbolean, Txuri Urdin izotz gaineko hockeyan eta Txuri Berri Curling Donostia curling-ean.

Talde bakoitzaren entrenamendu-egutegiaren arabera, AECC Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea talde horietara joango da aste honetan bi ekintza bideratzeko asmoz: alde batetik, elkarteko profesional batek prebentziorako urratsak eta aholkuak biltzen dituen informazio-hitzaldia eskainiko du bularreko minbizia gainditu duen emakume baten testigantzarekin batera eta, bestetik, taldeko argazkia aterako dute. Bertan, kirolariek minbiziari txartel arrosa aterako diote, kanpainaren leloarekin bat eginda.

Kanpaina honen bidez, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna emakumezkoen kirolarekin lotu nahi du mezua biztanleriaren sektore jakin batean (emakumezkoak) eta, bereziki, gazteen artean barneratzeak lor dezakeen proiekzio soziala dela eta. Era berean, ekimen horren bidez ariketa fisikoa azpimarratu nahi da; izan ere, AECC Gipuzkoak urte osoan bultzatzen duen balioetako bat da hori, bizitza-ohitura osasungarriak bultzatzearekin eta minbizia gaixotasuna prebenitzeko lagungarriak izan daitezkeen urratsen inguruko kontzientzia sortzearekin lotuta. Amaitzeko, kanpaina horrek emakumezkoen kirolari ikusgarritasun handiagoa ematen lagundu nahi du oro har eta, zehatzago esanda, hain ezagunak ez diren kirol-diziplinetako taldeak ezagutarazten.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días