Gipuzkoako AECC elkarteak doluari buruzko lantegi bat antolatu du Zumarragan

Guipúzcoa - 07/02/2019

AECC Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkartearen Urola Garaiko ordezkaritzak jende ororentzako lantegia antolatu du otsailaren 11rako, lagun maiteren bat hiltzen bada doluari aurre egiteko moduari buruzkoa. Jardueran, Iñaki Peña medikuak hildakoen senideen lekukotzak hartuta doluari buruz egin zuen Aulki hutsak dokumentala proiektatuko da.

Filma amaitu ondoren, dokumentalaren zuzendariak berak dinamizatuko du solasaldia; bertan, doluari buruz hitz egingo da, eta bertaratzen direnek beren iritzia azaldu eta esperientziak kontatu ahalko dituzte. Otsailaren 11an proiektatuko da dokumentala, 17:30ean, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean.

Zer gertatzen da lagun maite bat hiltzen denean? Normala da sentitzen dudana? Noiz hasi behar dugu kezkatzen? Horiexek dira Aulki Hutsak dokumentalak erantzun nahi dituen galderetako batzuk, gure gizartean funtsean tabuak diren gaiak jorratzeko ausardia izan baitu: dolua eta heriotza ditu hizpide.

Iñaki Peña Arrasateko Ospitaleko barne-medikuntzako eta medikuntza aringarriko medikuak zuzendu du dokumentala, eta egoera mingarri horiekin zerikusia duten hainbat profesionalek hartu dute parte bertan; hala nola, Lori Thompson Matia fundazioko medikuntza aringarriko psikologoak eta Izaskun Andonegi Bidegineko presidenteak (doluari eta gaixotasun larri aurreratuari laguntzeko zerbitzua da Bidegin). Filma euskaraz proiektatutako da, gaztelaniazko azpitituluekin, eta lau atal hauetan zatituta dago: dolua, haserrea, egun seinalatuak eta itxaropena.

banner_zumarraga

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días