Zarautz minbiziaren aurka mugituko da

Guipúzcoa - 15/03/2019

AECC Gipuzkoaren Urola Kostako Batzordeak antolatuta eta “Zarautz Minbiziaren Aurka” leloaren pean, kostaldeko udalerrian martxoaren 20tik 23ra bitartean osasuna bultzatzearekin eta minbizia prebenitzearekin lotutako hainbat jarduera egingo da. Urtero lurraldeko udalerri batean antolatzen den sentsibilizazioko eta elkartasuneko ekimenak bi helburu ditu: alde batetik, minbiziaren jaitsieran eragiteko bizimodu osasungarriak bultzatzea eta, bestetik, gaixotasun hori jasaten dutenei eta haien senideei laguntza emateko aukera eskaintzea herritarrei.

Jardunaldi nagusia larunbatean, hilaren 23an, egingo da Zarautzen eta guztientzako ekintzak izango dira. Goizeko 10:30ean hasiko dira skateparkearen alboan dagoen hondartzako kioskotik hasi eta Musika plazaraino egingo den martxarekin. Toki horretan, Zarautz Minbiziaren Aurka ekimenaren ekitaldi ofiziala egin eta lekukoa Azpeitiari emango diote. Izan ere, datorren urteko edizioa herri horretan egingo dugu. Goizeko 11:30etik aurrera, Zarauzko hainbat tokitan (Musika plazan, Merkatu plazan edo gaztelekuko pilotaleku txikian, adibidez) aurrez ikusitako jarduerak egingo dituzte: zumba, yoga, buruhandiak eraikitzeko tailerra, fantasiazko makillajea edo elikadura-tailerra besteak beste.

Jardunaldi nagusi horren aurreko egunetarako ere doako bi jarduera antolatu dituzte. Asteazkenean, hilaren 20an, Eroski Hipermerkatuan elikadura osasungarriaren inguruko showcooking-a egingo dute. Vanessa Blázquez nutrizionistarekin batera, Martin Arguiñano eta Pasku Exposito sukaldariek hartuko dute parte bertan. Interesdunek aldez aurretik eman beharko dute izena hemen: urolakosta@contraelcancer.es.

Bestalde, ostegunean, hilaren 21ean, AECC Gipuzkoako psikologoak, Miriam Márquezek, hitzaldia eskainiko du euskaraz gai honen inguruan: "Minbizia duten pazienteen ongizate emozionala, nola landu?". Antoniano aretoan izango da, 17:00etan. Hitzaldia gaixotasunarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten guztiei irekita egongo da. Arreta psikologikoa beharrezkoa noiz den jakiteko adierazle gisa baliagarriak izan daitezkeen alerta-seinaleak edo urratsak eskaintzea izango da horren helburua.

Gainera, “Zarautz Minbiziaren Aurka” ekimenarekin lotuta, ACC Gipuzkoako profesionalek “Zaindu zure osasuna” programa eramango dute ikastetxeetara. Bertan, adin goiztiarretik abiatuta, ohitura osasungarriak landuko dituzte. Eduki horiek guztiak ikastetxe hauetako ikasleei bideratuko dizkiete aste honetan: Lizardi Institutoa, Salbatore Mitxelena ikastola, Aiako eskola, eta Orokieta herri-eskola.

Bestalde, Zarauzko Ostalaritzako Elkartearekin, Zurekinekin, elkarlanean, ostalaritzako establezimendu batzuek bat egingo dute jardunaldiarekin eta aste osoan dastatzeko aukera izango den pintxo osasungarria prestatuko dute.

ztz_minbiziaren

Horrekin lotuta, gogorarazi beharrekoa da minbizia dela oraindik ere Euskal Autonomia Erkidegoko heriotza-kausa nagusia. Azken datuen arabera, herritarren % 32 hiltzen da arrazoi hori dela-eta eta, eta kolon eta ondesteko minbizia da ohikoena. Hala ere, emakumezkoen kasuan, bularreko minbizia da intzidentzia handiena duena eta, gizonezkoen kasuan, aldiz, prostatako minbizia. Bestalde, azken urteotan biriketako minbizia ugaritu egin dela hauteman da.

Egoera horren arrazoi nagusietako batzuk dira biztanleriaren pixkanakako zahartzea eta gaur egungo bizimoduak. Horregatik guztiagatik, 2014. urtetik, AECC Gipuzkoak jardunaldi nagusi hau antolatzen du urtero hainbat udalerritan eta aurreko egunetan ere hainbat jarduera egoten da. Azken edizioan, Zarautzek Aiztondo bailarak (Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna, Asteasu eta Alkiza) emandako lekukoa jaso zuen Minbiziaren aurkako egun hau ospatzeko. Aurreko urteetan, Tolosan, Beasainen eta Zumarraga-Urretxun antolatu izan dute.

zarautz_minbiziare_aurka

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días