AECC Gipuzkoak 2019rako finkatutako erronka lortu du: 160.000 euroak gainditu ditu

Guipúzcoa - 13/01/2020

Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie enpresei, erakundeei eta partikularrei, xedea lortzeko orduan erakutsitako elkartasun eta laguntzarengatik

Bildutako kopuru osoa Melero doktoreak Nafarroako Unibertsitatea klinikan abiatu duen ikerketa-proiektura bideratuko da

AECC Gipuzkoak 160.000 eurora iristeko erronka finkatu zuen iazko urtarrilean 2019ari begira, eta lortu egin du, lurraldeko enpresa, erakunde eta partikularrekin egindako crownfunding-kanpainari esker. Urtea ixtean, Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak 162.180 euro biltzea lortu zuen, eta, horrekin, finkatutako xedera iritsi zen. Bada, bularreko minbizian zentraturik dagoen eta immunoterapiari heltzen dion ikerketa-proiektu onkologiko bati bideratuko zaio dirua.

2019aren hasieran, aipaturiko kanpaina abiatu zuen AECC Gipuzkoak, eta xede horretarako funtsak eskuratzen laguntzeko aukera eskaini zion gizarteari, www.retoaeccgipuzkoa.com web-orrialdearen bidez. Partikularrek banaka egindako diru-sarrerez gain, berrogei bat enpresak eta erakundek egin dute erronkarekin bat, eta finkatutako xedera iristea ahalbidetu duten askotariko ekarpen solidarioak egin dituzte. Ekimen batzuek kirolarekin izan dute zerikusia; hala nola CD Bidasoa taldearen partida baten sarreren zati bat bildu da, minbiziaren kontrako lasterketa egin zen maiatzean, 3 Hondartzetako Lasterketan parte hartu dutenek euro bana eman dute, indoor maratoia eta zunba egin dira, eta minbiziaren aurkako martxak egin dira Irunen eta Eibarren. Beste ekintza batzuek jolas-ukitu handiagoa eduki dute; adibidez, Klink eta Jostallu ekimenek bazkari solidarioak antolatu dituzte, Maria Cristina hotelak laurogeiko hamarkadan girotutako jaia egin du, eta duela zortzi urte minbiziak jota hil zen Carlos Las Heras margolariaren familiak emandako koadroen erakusketa egin da.

Esan bezala, Ignacio Melero doktoreak gidatzen duen ikerketara bideratuko da lortutako diru guztia, minbiziaren immunoterapia arloko erreferente nagusitzat jotzen baita estatu mailan. Melero Nafarroako Unibertsitatea klinikaren Immunologia Zerbitzuko zuzendarikidea da, bai eta Nafarroako Unibertsitateko CIMA zentroko ikertzaile seniorra izan ere, eta 2015ean ekin zion proiektuari. Ikerketa horren bidez, goitik behera ulertu nahi da immunoterapiaren funtzionamendua, aukera terapeutiko gisa ezarri aurretik. Beraz, immunoterapiaren erabilerari buruzko jakintza sakontzea da asmoa, berezko sistema immunearen aktibazioa eta tumoreen aurkako ohiko tratamenduen erabilera konbinatuko dituzten entsegu kliniko eraginkor eta fidagarriak egin daitezen. Zehazki, Onkologikoa bigarren fasera gonbidatzea jasotzen da proiektuan, paziente gipuzkoarren kopuru jakin batek parte hartu ahal izan dezan.

Azken ekimen solidarioa

Alabaina, diru-bilketa ez dago erabat itxita. Izan ere, azken ekintza solidarioak martxan jarraitzen du, minbizia gainditu duten pazienteak protagonista dituen mahai gaineko egutegia salgai baitago oraindik ere. Presumidas by Kris enpresak abiatu du egitasmoa, eta hamar enpresak baino gehiagok lagundu dute. Egutegiak 5 euroren truke eros daitezke, eta eskumuturrekoa jasotzen da opari.

Bestalde, Tempo 22 dantza-akademiak Donostia erdialdeko kaleetan abenduan egindako dantza-saio bikoitzean bildutakoa eman zuen pasa den astean, 249,45 euro. AECC GIPUZKOAREN 2019rako erronkan eskuratu den guztizko zenbatekoari gaineratuko zaio azken bi ekimen horiei esker lorturikoa, duela urtebete finkatutako xedea gainditu baita horiekin.

 

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días