Erretzeari uzteko talde berriak irailetik aurrera

Ikasturte-hasiera dela-eta, eta geure buruari helburu berriak jartzen dizkiogun hilabete honetan, AECC Gipuzkoak erretzeari uzteko laguntza-terapia emateko talde batzuk antolatuko ditu. Tabakismoan aditua den psikologo batek zuzenduko ditu taldeak.  Saioak erabat doakoak izango dira eta ez da beharrezkoa izango erakundeko bazkide izatea horietan parte hartzeko. Tabakoaren ohitura galtzeko programa hori AECC Gipuzkoak lurralde osoan dituen egoitzetan egingo da eta ordua eta eguna taldea osatu ostean finkatuko dira.

Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak urte osoan garatzen dituen erretzeari uzteko terapiak egiten dituzten pazienteen % 62k prozesua arrakastaz amaitu du. Tabakismoan adituak diren psikologoek gidatzen dituzte saioak, erabat doakoak dira eta ez da erakundearen bazkide izan beharrik. Terapiak banakakoak edo taldekoak izan daitezke eta AECCk Gipuzkoan dituen 6 egoitzetako edozeinetan egiten dira, baita lurraldeko enpresetan ere, hala eskatuz gero. 2017an, guztira 126 lagunek erabili zuten zerbitzua.

Erretzaile bakoitzak lehenengo aurretiazko elkarrizketa bat egiten du, eta bertan baloratzen dute erretzeari uzteko modu onena eta asteko saio kopurua; izan ere, pertsona bakoitzaren egoera eta behar berezien arabera aldatu egiten da. Saio horietan pazientearen mendekotasun fisiko eta psikologiari arreta berezia ematen zaio, eta erretzeko ohitura sustatzen duten estimuluen kontrolari aurre egiteko estrategiak lantzen dituzte.

Maider Sierra AECCko psikologo eta prebentzio arloko arduradunaren hitzetan, “arrakasta, azken batean, pertsona bakoitzaren araberakoa den arren, frogatuta dago kanpoko laguntza profesionala jasotzeak asko handitzen dituela erretzeari uzteko garaian arrakasta izateko aukerak”.

Gainera, AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak mugikorretarako aplikazioaren bertsio eguneratu berria atera du, ‘RespirApp’ izenekoa, oraindik erretzen duten herritarrei tabakoa uzten laguntzeko. AECCren Minbiziaren Behatokiaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den herritarren % 78 ez-erretzailea edo erretzaile ohia den arren, oraindik ere % 22k erretzen jarraitzen du. Datu horien arabera, agerikoa da azken 5 urteotan erretzaileen beheranzko joera, 2009. urtean erretzaileen datua % 34 ingurukoa baitzen.

tabaco_aecc