Oinarrizko finantzak, herentziak eta Interneteko segurtasunari buruzko doako tailerrak

Guipúzcoa - 10/11/2020

AECC Gipuzkoa Minbiziaren Aurkako elkarteak eta Caixabank-aren Boluntariotza Korporatiboaren programak hainbat tailer jarri dituzte abian, ekonomia pertsonalaren kudeaketa hobea egiteko funtsezko ezagutzak eskuratzeko eta herentzien plangintzari eta Interneteko segurtasunari buruzko oinarrizko zenbait gai ezagutzeko.

Tailerrak doakoak dira eta AECC Gipuzkoako paziente, senide edo boluntarioei ez ezik, interesa duten herritar guztiei ere zuzenduta daude. Tailerrak ‘la Caixa’-ko boluntarioek ematen dituzte azaroan eta abenduan, Minbiziaren aurkako Gune Bizian (Barcelona Etorbideko 6. zenbakian) Donostiako Loiolako Erriberetan.  

Tailerra: Herentzien plangintza. Azaroaren 23a. 17:00etan.

Etorkizuneko arazoak saihesteko testamentua egiteko arrazoiak azalduko dira dibulgazio-tailer honetan. Jarduerak gai hauek jorratuko ditu, besteak beste: bizi testamentua, jaraunspen batek barne hartzen dituen ondasun eta eskubideak, zorrekin (hipoteka, kreditu eta abalak) zer gertatzen den eta legatu motak. Entzuleen galderei eta zalantzei ere denbora eskainiko die hitzaldiak.

Tailerra: Finantza hezkuntza. Abenduaren 1a eta 2a. 17:00etan

Oinarrizko finantza-ezagutzei buruzko tailer honi esker, parte-hartzaileek ekonomia pertsonala edo familiarra hobeto kudeatzeko tresnak ezagutuko dituzte, baita aurrezteko edo zorpetzeko trikimailurik edo aholkurik erabilgarrienak ere. Jarduera ezagutza horiek modu praktikoan erabiltzera bideratuta dago, eta finantza-produktuei buruzko azalpenak ere ematen ditu, etorkizuneko arazoak nola saihestu jakiteko.

Tailerra bi saiotan banatuta dago. Asteartean, hilak 1, familia-aurrekontuaren kudeaketa eta planifikazioarekin, aurrezkiarekin eta zorpetzearekin lotutako gaiak izango ditu ardatz. Abenduaren 2ko saioan, berriz, bankuarekin egindako eragiketekin eta finantza-produktu arruntenekin (kontu korronteak, komisioak, txartelak eta maileguak) lotutako alderdiak aztertuko dira.

Tailerra: Interneteko segurtasuna. Abenduaren 14a. 17:00etan.

Tailer honetan, Interneten segurtasunez nabigatzeko jarraibide eta aholku batzuk emango dira, sare sozialetan dugun informazio pertsonalaren pribatutasunarekin zerikusia duten alderdi guztiak kontuan hartuta. Noraino daki nigandik Internet? Zer datu pertsonal partekatzen ditut sarean? Gure posta elektronikoaren edo banku-kontuen garrantzia aztertuko da, baita teknologia berriak erabiliz egunero ematen ditugun datuak nola mugatu ere.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días