AECC GIPUZKOAk inmunoterapiako proiektu baterako dirusarrerak biltzeko erronka egin dio lurraldeari

Guipúzcoa - 18/02/2019

AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak 2019rako Gipuzkoako gizarteari erronka bota dio: ikerketa onkologikoko proiektu baterako funtsak biltzen laguntzera animatzen du. Kanpaina honen bidez, AECC Gipuzkoak 160.000 euro lortu nahi ditu bularreko minbiziaren inguruko proiektu batean inbertitzeko, zehazki, zelula gaiztoak deuseztatzeko gaitasuna duten sistema immunearen zelulak sustatzen dituen terapia batean.

Ikerketa horren liderra Ignacio Melero doktorea da, Clínica Universidad de Navarrako (CUN) Immunologia Zerbitzuko zuzendarikide eta Cimako senior ikertzailea. Ikerketa 2015ean hasi zen eta 2020an amaituko dela aurrez ikusi dute. Immunoterapiaren funtzionamendua guztiz ulertu nahi da aukera terapeutiko gisa ezarri aurretik. Hori dela eta, asmoa da immunoterapiaren erabilerak sakonago ezagutzea, tumoreen aurkako ohiko tratamenduen erabilera eta norbere sistema immunearen aktibazioa konbinatuko dituen entsegu kliniko eraginkorrak eta fidagarriak ezartzeko. Hain zuzen ere, proiektuak etorkizun hurbilean eta esperimentazio fasearen barruan, Onkologikoarekin lankidetzan aritzea aurrez ikusi du Gipuzkoako paziente kopuru jakin batekin entsegu klinikoak egiteko.

Ikerketaren zati bat finantzatzeko funtsak lortzen lagundu nahi duten guztiek zenbait modu dute hori egiteko.

1) Lehenik eta behin, norbanako gisa dohaintzak egin ditzakete, kopuru minimorik eta maximorik gabeko ekarpenak www.retoaeccgipuzkoa.com webgunearen bidez, banku bidezko transferentzia edo Gipuzkoan dauden sei egoitzetako edozeinetan. Badira, bestalde, erronkari laguntzeko beste aukera batzuk ere: herentzien bidezko dohaintzak, sare sozialen bidez erronka zabaltzea edo ezkontza-oparietarako aurrez ikusitako dirua helburu solidario honetarako bideratzea, adibide batzuk esatearren.

2) Bigarrenik, lurraldeko elkarte, kirol-klub edo erakundeek dohaintzan eman ditzakete urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldietako irabaziak: bazkari solidarioak, kirol-probak, ikuskizunak edo bestelako herri-gertakariak.

3) Azkenik, lurraldeko enpresek ere parte hartu ahal izango dute: erantzukizun sozial korporatiboko programen testuinguruan dohaintzak egin ditzakete erronka honetako.

Erronkaren aurkezpenean, AECC Gipuzkoako presidenteak, Juan Ormazabalek, Gipuzkoako gizartea animatu du erronkarekin bat egin dezan, bakoitzak duen ahalmenen arabera. “Guztia da lagungarria. Minbizia geldiarazteko gakoa den ikerketa onkologikoarekin lagundu ahal izateko aukera bat da lurraldeko herritarrentzat”.

Ignacio Melero, gainera, Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) ikerlari seniorra da. Melero Medikuntzan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta doktorea, sari bereziarekin, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gerora, Immunologia espezialitatea egin zuen Hospital Universitario de la Princesa unibertsitate-ospitalean eta lau urtez Bristol Myers-Squib konpainiaren ikerketa-zentroan lan egin zuen Seattle-en (AEB).

reto__

 

AECC Gipuzkoa ikerketa onkologikoarekin konprometituta

Iaz AECC Gipuzkoak 1.000.000 euro inguru inbertitu zituen ikerketa onkologikoko proiektuetan. Haien artean zeuden bi proiektu hauek: Biodonostian Jesús Bañales doktorea lider duen “Kolangiokartzinomaren diziplina anitzeko ikerketa: diagnostikoa, patogenia eta terapia berriak” eta Jesús Martínez de la Fuentek Zaragozan dagoen Red CIBER-BBN sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroan garatzen duen “Zelulaz kanpoko besikulen erabilera prostatako minbizia zehaztasunez diagnostikatzeko” proiektua. Horrez gain, 2018an, Vall D’Hebrón-eko Onkologia Institutuan egiten den Isabel Puig doktorearen “Tet2 inhibitzaileak minbiziaren aurkako estrategia berri gisa” ikerketari ekarpena egin zion elkarteak.

AECC Gipuzkoaren 2018ko balantzea

AECC Gipuzkoako Minbiziaren kontrako Elkarteak, modu ofizialean, 30 urte baino gehiago daramatza lurraldean lanean minbizia duten pertsonen eta haien familiartekoen bizimodua hobetzeko eta gaixotasunaren aurka borroka egiteko asmo irmoarekin. Hala, 12.000 bazkide inguru eta 900 boluntario baino gehiagorekin itxi du 2018 urtea. Elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuei dagokienez, iaz elkarteko psikoonkologoek 587 gaixo eta familiarteko artatu zituzten; aldiz, gizarte-langileak 416 lagunekin egon dira.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días