AECC GIPUZKOAK KOLONEKO MINBIZIA MODU GOIZTIARREAN DETEKTATZEAK DUEN GARRANTZIA GOGORARAZI DU UROLA KOSTAN

Guipúzcoa - 26/03/2019

AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteko Urola Kostako Batzordeak kanpaina berritzailea jarri du abian Zarautzen koloneko minbiziaren baheketa-programan parte hartzeak duen garrantzia azaltzeko. Horretarako, AECC Gipuzkoako boluntarioek informazio-materiala banatu dute malekoian eta, gainera, proba horren funtzionamendua azaldu diete gerturatutakoei. “Eseri” leloan oinarrituta prestatutako kanpaina berritzailearen bidez, elkarteak pasealekuan aurrera eta atzera zebiltzanen arreta erakartzeko baliagarria izan den komuna instalatu du.

Batzordeko presidenteak, Begoña Crespok, azaldu duenez, “gaur egun, adin-taldearen barruan dauden Urola Kostako pertsona gehienek egiten dute testa, baina oraindik ere parte hartzen ez duten pertsona batzuk ere badaude”. Horrez gain, Crespok nabarmendu nahi izan du “AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak, martxoaren 31n egingo den Koloneko Minbiziaren aurkako Mundu Eguna dela eta, kanpaina hau Urola Kostara gerturatu nahi izan duela. Horren bidez, programa ezagutzen ez dutelako edo beste arrazoi batzuk direla eta bertan parte hartzen ez duten pertsona guztiak kontzientziatu nahi ditugu ekintza txiki horrekin minbizi mota hori garatzea ekidin dezaketela”.

Bestalde, AECC Gipuzkoako Urola Kostako prebentzioko arduradun eta gizarte langileak, Izaro Iriondok, honako hau nabarmendu nahi izan du: “ezinbestekoa da 50 urte baino gehiagoko pertsona guztiei ulertaraztea ekintza erraz horren bidez koloneko minbizia ekidin dezaketela”. Horrekin lotuta, honako hau zehaztu du: “programan parte hartzen dutenen biziraupena egiten ez dutenena baino % 20 handiagoa da”. Horregatik, “berriro aipatu beharrekoa da tumore mota horretako kasuen % 90 inguru, garaiz detektatuz gero, senda daitekeela”.

Iriondik baheketa-programa horretan nola parte hartu behar den ere azaldu du: “Bi urtez behin, Osakidetzak 50 eta 69 urte artean dituzten pertsonei gorozkien lagina jaso ahal izateko kita bidaltzen die etxera. Bertan dago azalduta zein diren jarraitu beharreko urratsak. Testa egindakoan, gertuen dagoen osasun-zentrora eraman behar da”. Azkenik, honako hau nabarmendu nahi izan du: proba “higienikoa da, ez du arriskurik, minik gabea da, ez da intrusiboa eta ez dago aurretiazko hitzordua eskatu edo itxaron beharrik”.

Kontzientziazio-kanpaina berri eta deigarri honen bidez, AECC Gipuzkoako Minbiziaren aurkako Elkarteak hamar urte daramatza 2008an onartutako eta Osakidetzak 2009an abian jarri zuen baheketa-programaren garrantziaren inguruko hedapen- eta kontzientziazio-lanak egiten.

GIPUZKOAKO DATUAK

Urola Kosta sartuta dagoen Donostialdeko ESIk % 73,92ko parte-hartze tasa izan zuen 2017an. Baheketa-programan parte hartu zuten pertsona guztietatik, % 4,6k eman zuen positibo. Bestalde, lurraldean testa egiten dutenen batez besteko kopurua % 74,66koa da.

Gaur egun, koloneko minbizia da gipuzkoarren artean intzidentzia handiena duena. AECCren Minbiziaren Behatokiak jasotako datuen arabera, 2018an 639 kasu berri detektatu zituzten eta hildakoen kopurua 244koa izan zen. Ondorioz, heriotza kopurua 100.000 biztanleko 34koa da. Aldiz, bost urtera begirako prebalentzia 1.819 kasukoa da.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días