Euskadi minbiziaren aurka

- 18/05/2018
  • Ekimen honi esker, lehenengo aldiz, Juan Mari Aburto eta Daniel Innerarityk hitz egin dute gaixotasunari buruz
  • Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako AECC elkarteek batera antolatuko duten lehen ekimena izango da eta minbiziaren aurka borroka egiten duten Euskadiko beste elkarte batzuek ere hartuko dute parte
  • Ekitaldiak bi orduko iraupena izango du eta maiatzaren 27an, igandean, egingo da Kursaalen. Sarrera doakoa izango da


Igandean, maiatzaren 27an, Donostiako Kursaal jauregian egingo da “Euskadi Minbiziaren Aurka” lehen kongresua, gaixotasun horren inguruan orain arte Euskadin egindako ekimen handienetako bat, eta nahi duten guztiei zuzenduta egongo da. Ekitaldiak bi ordu inguruko iraupena izango du eta hainbat ikuspegitatik gaixotasuna aztertzea eta galdera honi erantzuna ematea du helburu: “Zer egin dezake euskal gizarteak minbizia jasaten duen bati laguntzeko?”.


Gai hori lantzeko gaixoek, senideek, boluntarioek eta osasun arloko profesionalek kontatutako bizipenez eta esperientziez gain, ekitaldian pertsona ezagun hauek beren testigantzak eskainiko dituzte besteak beste: Juan Mari Aburto, Daniel Innerarity eta María San Gil. Horietako batzuek, gainera, sekula ez dute aurretik gaixotasunaz hitz egin. Anjel Lertxundi ere familiaren ikuspuntua azalduko du bere liburua, ‘Zu’, baialtuz.


Osasuneko sailburua, Jon Darpon, arduratuko da hiru mahai-inguru izango dituen kongresua irekitzeaz. Lehen mahai-inguruan, elkarteen eta boluntariotzaren mugimenduak paziente baten bizi-kalitatea hobetzen nola lagun dezakeen aztertuko dute. Horretarako, AECC, Katxalin eta Aspanovas elkarteetako boluntario batzuek ospitaleetan eta etxeetan eskuzabaltasunez egiten duten lana eta haien esperientzia azalduko dituzte. Elkarte horiez gain, gaixotasun honen inguruan Euskadin funtsezko lana egiten duten beste elkarte batzuk ere bilduko dira ekitaldian. Hori dela eta, kongresuaren helburua esparru horren inguruan lan egiten duten Euskadiko elkarteentzako ekimen irekia eta parte-hartzailea izatea da.


Bigarren mahai-inguruan, minbizia jasan dutenen bizipenak ezagutuko ditugu gertu-gertutik. Gainera, gaixotasuna hobeto jasaten nola lagun diezaiekegun azalduko digute. Kongresuaren zati horretan, gainera, senideen testigantza eskainiko dute Kalakan taldearen musikarekin lagunduta.


Azkenik, hirugarren mahai-inguruan arlo zientifikoa landuko dute eta honako hauek hartuko dute parte bertan: AECC Fundazio Zientifikoaren presidenteordeak, Ramón Reyesek; IMQ Zorrotzaurreko Onkologia Erradioterapikoko buruak, Pedro Ensunzak; Onkologikoa zentroko zuzendariak, Ander Urrutikoetxeak; eta AECC Gipuzkoako psiko-onkologia taldeko gainbegiratzaileak, Begoña Pumarrek (alderdi emozionaletan eta horiek gaixotasunekin duten loturan zentratuko da).


Kongresuak Euskadin garatzen ari diren bi ikerketa-proiektutan lortzen ari diren aurrerapenak ezagutzeko aukera eskainiko digu. Proiektu horiek Jesús Bañales eta Arkaitz Carracedo, Biodonostiako eta CIC bioGUNEko ikerlariak (hurrenez hurren) eta Nekane Murga, Euskadiko Onkologia Planeko koordinatzailea, ari dira koordinatzen eta azken horrek hainbat esparrutatik EAEn jarraitu beharreko estrategia azalduko du.


Euskadiko AECC elkarteek nabarmendu dutenez, “kongresu izena duen eta pertsona askok zientifikoa edo profesionala dela pentsa dezakeen arren, oro har herritar guztiei zuzenduta dagoen topaketa da". Horrekin lotuta, Donostiako auditorioa “gaixotasun horren inguruko gogoetarako eta ezagutzarako esparru” bihurtzea nahi dutela azpimarratu dute.
Ekitaldiak bederatzi kontzeptu jorratuko ditu: borroka, indarra, ikerketa, laguntza, konpromisoa, itxaropena, elkartasuna, prebentzioa eta biziraupena.


Sarrera doakoa eta librea izango da edukiera bete arte eta, ondorioz, bide hauetatik gonbidapena eskatu beharko da aldez aurretik: hiru lurraldeetako AECCren bulegoren batean edo congresoeuskadi.contraelcancer.es webgune ofizialean.
Hiru AECC elkarteek nabarmendu dutenez, "ekitaldi bat antolatzeko elkarrekin lan egiten dugun lehen aldia da, baina, zalantzarik gabe, proiektu berrietarako bidea ireki du”. Gainera, berriz azpimarratu dute euskal gizarte osoak duela “zoritxarrez oraindik bizirik jarraitzen duen estigma sozialarekin, tabuarekin eta zabaltzen den negatibotasuneko irudiarekin amaitzea lortzeko" erantzukizuna.

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días