Arabak giza begizta handia egin du minbizia ikusgai egiteko

Álava - 02/02/2024

 

MInbizia da lana galtzeko prebalentzia handiena duen gaixotasuna. Minbizia duten pertsonek biztanleria orokorrak baino % 34 aukera gehiago dituzte enplegua galtzeko. t

Euskadin, 2023an minbizia diagnostikatu zitzaien pertsonen % 35 lan egiteko adinean daude, hau da, 5.231 langile, Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera. Minbizia duten pertsonen % 28,4k adierazi dute gaixotasunaren ondoren lana galdu edo utzi dutela. Gainera, aldi baterako ezintasunetan nomina % 25 murriztearen ondorioz, eta gaixotasuna dela-eta ezintasunok luzerako izanik, paziente asko ekonomikoki egoera ahulean egon daitezke. Gaixotasunak iraun bitartean, 10.000 € baino gehiagoko kostu ekonomikoa dakarkie familien % 41. Horren ondorioz, familia asko gizartetik baztertzeko arriskuan egon daitezke.

Hori guztia dela eta, Minbiziaren Aurka Araban elkarteak, Asamma (bularreko minbizia), Aspanafoa (minbizia duten haurren familiak), Aal (laringektomizatuak), Bularreko Minbizi Metastasikoaren Elkarte eta Adelpriserekin (linfedema) batera, gizarte-eragile guztiei dei egin die otsailaren 2an, ostirala,  Foru plazan egingo dugun begizta handian parte har dezaten, minbizia duten pertsonengan eta bizirik irauten dutenengan lan-inpaktua arindu edo murrizte aldera.

           

Minbizitik bizirik atera diren pazienteen arazoak eta beharrizanak

Minbiziaren intzidentzia-tasa handitzeak, alde batetik, eta biziraupenarenak, bestetik, beste erronka handi bat mahaigaineratzen du datozen urteetarako: fokua pazienteen zein minbizitik bizirik atera direnen erantzun gabeko premien gainean jartzeko beharra. Lana galtzea bera eta lanera itzultzea gero eta zailagoa izatea, adibidez, alderdi kritikoak dira minbizia duten pertsonentzat.

Lanpostura berehala itzultzea eragozten duten alderdiei dagokienez, mina, kontzentratzeko edo mugitzeko zailtasunak eta nekea dira lanaldian aritzea zailtzen dutenak. Jarduerarik gabeko aldi luzeak eragozpena dira laneko errutinari berriz ekiteko. Ezintasun iraunkorren kasuan, pazienteek hainbat egoerari egin behar diete aurre, hala nola ohiko enpleguari berriro ekin ezin izatea edo ezein enplegutan lan egin ezin izatea, minbiziak eragindako ondorio edo gaixotasun kronikoengatik.

Ezintasun iraunkorra dela eta, beste lanbide bat bilatzeko beharra ere sortzen da. Errealitate hori bizi duten pertsonek ezgaitasunak konpontzeko prozesu luzeei egin behar diete aurre; horrek etengabeko gatazka dakar, bizitza profesionalera itzuli ahal izateko.

Premia horiei heltzeko, Minbiziaren Aurkako Elkarteak doako zerbitzu bat eskaintzen du, orientazio juridikoko lan-beharrak asetzeko xedez. Zerbitzu honen helburua da Gizarte Segurantzari eta laneko zuzenbideari buruzko orientabideak ematea paziente eta senideei.

Minbiziaren aurkako Mundu Eguna Araban

Minbiziaren aurkako Mundu Eguna dela eta, Arabako Elkarteak giza begizta handi bat antolatuko du bihar, hiriko agente guztiak kausa beragatik batuko dituena, hots, 2030ean minbiziaren % 70eko biziraupena lortzea. Ekitaldia bihar goizeko 11:00etan izango da, Foru plazan. Minbiziaren aurkako Mundu Egunaren ospakizunean gurekin egon nahi duten herritar guztiek parte har dezakete bertan.

Ostiral goizean, halaber, paziente, senide eta herritar guztientzat eskuragarri ditugun doako baliabideen berri emango dugu, gure boluntarioekin batera, Urrezko Zeledonen plazan.

Bestalde, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Arabako Batzar Nagusiek, Vital Fundazioak, El Corte Inglések eta Boulevardek, besteak beste, berdez argiztatuko dituzte beren eraikinak.

Gasteiz On saltokiek, gainera, berdez apaindu dituzte beren saltokiak, eta Elkartearen zerbitzuei buruzko informazioa emango dute egun horietan, baita prebentzio-tailerrak ere.

Inauterietako konpartsek ere bat egingo dute ETSren "Aukera berriak" dantzatuz eta zapi berdeak eramanez.

‘Guztiok Minbiziaren Aurka’, % 70eko biziraupena 2030ean

Minbizia da Euskadiko eta munduko arazo soziosanitariorik garrantzitsuena. Munduan, 2 gizonetik 1ek eta 3 emakumetik 1ek minbizia izango dute bizitzan zehar. Elkarteko Minbiziaren Behatokiaren arabera, 2040an, minbizia Araban % 25 handituko dela aurreikusten da.

Datu horiek ikusita, Minbiziaren Aurkako Elkarteak “Guztiok Minbiziaren Aurka” ekimena sustatu zuen 2023an. Ekimen horren erronkarik garrantzitsuena 2030ean % 70eko biziraupen-tasa lortzea da. Horretarako, ezinbestekoa da gizarteak batera jardutea.

 

 

 

 

 

Infocancer 24 horas telefono 900100036
Atención gratuita 24h - 7 días